Nor garen

Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) 1949an Eusko Ikaskuntzaren baitan sortutako ekimena da. Eta Elkarteak, XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, gogo biziz eusten dio euskal hizkuntzari bere lan arlo guztietan.

Nestor Basterretxeak, euskal artistak, 2005ean diseinatutako ENE logoa da, bestalde, urteroko ospakizunaren identifikazio ikurra.

Euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzen du.

ENE SARIA

Urteroko saria euskara sustatzeko lanetan gehien nabarmendu den kanpoko erakundearentzat

2009 Laugarren ekitaldia

Eusko Ikaskuntzak, 1949an Euskararen Nazioarteko Eguna bultzatu zuen erakundeak emandako saria.

Hautagaitzak
Euskal Herritik kanpo euskara sustatzeko lanetan diharduen edozein erakundek parte har dezake. Euskal hizkuntza eta horren adierazpideak zabaltzeko lana hartzen da euskara sustatzeko lantzat: irakaskuntza, literatura idatzia, ahozkoa, zinea… eta sortze lan oro.

Zenbatekoa
Saria: aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako diseinatu zuen anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzio bat ematea.

Epaimahaikoa
Eusko Ikaskuntzak izendatuko duen Epaimahai batek erabakiko du saritu beharrekoa.

Baloratzeko orduan, Epaimahaiak alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko ditu kontuan, sustapen ideietan ageri den berritasunarekin batera.

Epaimahaiak saria eman gabe utz dezake.

Hautagaien aurkezpena
Parte hartu nahi duten erakundeek beren jardueraren laburpen bat bidali behar dute Euskosarera (info@euskosare.org). Laburpen horrek gehienez A-4 neurriko bost orri izango ditu, eta bertan Epaimahaiak kontuan hartzeko interesgarri irudituko zaizkien xehetasun guztiak azalduko dituzte: erakundearen sorrera data; euskararen inguruan urtean burutzen dituzten ekintzak; ikasle kopurua, hala badagokio; argitalpenak eta antzekoak; lorturiko goraipamenak eta sariak; eta abar.

Epeak

2009ko azaroaren 15ean gaueko 24:00 etan amaituko da hautagaiak aurkezteko epea.

Euskararen Nazioarteko Egunean, 2009ko abenduaren 3an, jakinaraziko da Epaimahaiaren erabakia.

Sariari buruzko edozein arazo EIren baitan erabakiko da.

===================================================

EUSKO IKASKUNTZA

Eusko Ikaskuntza

Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, EI-SEV, izaera pribatuko Erakunde zientifiko kulturala da, 1918an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek sortua, euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa. EI-SEV bazkideek osatzen dute, eta horiek mundu guztian barreiaturik eta Sail Zientifizikoetan bildurik daude.

>Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Ipar Euskal Herrian ezarpen ofiziala duen diziplina anitzeko zientzia erakunde bakarra da EI-SEV.

Bere historian zehar hainbat bereizgarri landu ditu:

  • Diziplina aniztasuna: 15 Zientzia Sail
  • Malgutasuna: Kudeaketa arineko egitura
  • Lurralde aniztasuna: Herrialde guztietan
  • Elkartzeko ahalmena: Erakunde askoren lankidetza Erakunde Publikoen aldetik
  • Lanbide aniztasuna: Akademikoak, profesionalak, adituak…


Balioak
Euskal Herria maitatzea, kultura askotarikoa eta solidarioa; zientzia eta kulturarekiko konpromisoa; aniztasun ideologikoa; elkarrekiko errespetua eta elkarrizketa; berrikuntza eta aurrerapena; euskara babestea.

Eginkizuna
EI-SEVek, elkargune den erakunde zientifiko kultural gisa, Euskal Herriaren eta/edo bertatik jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzen du, haren aurrerapena bultzatzeko eta gizarte kohesioa eta partekaturiko nortasunak sustatzeko.

EI-SEVen helburuak dira: euskal kulturaren balio tradizionalak finkatzea, kultura goratzea eta hedatzea, eta euskal kulturako eskualdeetan bizi diren pertsona guztien mesederako izango diren balio berriak sortzea.

EI-SEVen jarduketa bere Estatutuetatik datozen ezaugarri batzuek zehazturik ageri da:

  • Aurrea hartzea: Oinarrizko eskasiak eta gizarte erronkak aztertzeko
  • Azterketak eta Berrikuntza: Erabakiak hartzen lagunduko duen eztabaida soziala sortzekoz
  • Integrazioa: Gizarte zibilarena
  • Zabaltzea: Bere gogoetak, azterlanak eta ikerketak gizarte osoari
  • Sustatzea: Zientzia eta kultura azpiegituretan diren gabeziak zuzentzeko


Fundazioak
EI-SEVek hiru fundazio dauzka bere baitan: Asmoz Fundazioa, Euskomedia Fundazioa eta Barandiaran Fundazioa. Bakoitzak bere webgunea du eta hartan zeinek bere izaera eta ekintzen berri ematen du.