Aita Donostiaren Obra Osoaren "Notas de Foklore" kalean

Argitalpenak

2017/03/09

Aita Donostiaren Obra Osoaren "Notas de Foklore" kalean

Kaleratu berri da Aita Donostiaren Obra Osoaren X. alea “Notas de Foklore”. Emilio Xabier Dueñas edizioaren apailatzailea izan da.

Musikagile garrantzitsua ez ezik, ikertzaile eta dibulgatzaile etnomusikal eta folkloriko emankorra ere izan zen José Gonzalo Zulaika Arregi edo Aita Donostia (1886-1956). Alor horretan egin zituen lan guztiak hamar liburukitan argitaratuta daude eta Eusko Ikaskuntzaren webgunean ikusgai daude pdf formatoan.

Lehen hiru liburukietan, artikuluak, egunkariak eta berri laburrak daude bilduta. IV. eta V. liburukietan, berriz, emandako hitzaldiak daude transkribatuta. Hurrengo lau liburukiek (VI-IX. liburukiek, alegia) Cancionero Vasco bilduma jasotzen dute. Obra horretan, herri-ondareko ia bi mila letra eta partitura daude bilduta. Hamargarren liburukian, “Notas de Folklore”, Aita Donostiaren 1.818 fitxa jasotzen ditu 1918tik 1950eko hamarkadaren amaierara arte bildutakoak. Ordena kronologiko eta tematikoan daude aurkeztuta, kultura tradizionalaren arlo nagusiak kontuan hartuta: ahozko literatura, sineskeriak, jokoak eta dantzak eta bizitzaren zikloa, besteak beste. Gehienak eskuz idatzita daude, ahoz jaso izanaren ondorioz. Gainera, hainbat argitalpenetan –Euzkadi egunkarian, nagusiki– agertutako testu batzuk ere agertzen dira.

MAHAI-INGURUA

Datorren martxoaren 28an, 19tan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Aita Donostiaren figuraren inguruan mahai-inguru bat antolatu da, bere Obra Osoaren azken ale hau kaleratu berri dela aprobetxatuz.

Mahai-inguru horretako moderatzailea Jon Bagües, Eresbilgo zuzendaria izango da. Berarekin batera, Emilio Xabier Dueñas, “Notas de Folklore” alearen editorea; Aita Donostiaren kantutegiaz hitz egiteko Juan Mari Beltran izango dugu eta Teresa Zulaicak, Aita Donostiaren ilobak, bere giza-alderdiaz hitz egingo digu.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp