Enpresa ereduak eta lan harremanak aztergai

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/06/11

Enpresa ereduak eta lan harremanak aztergai

Sozio-ekonomia arloko hirugarren foro honetan enpleguaren etorkizunaz, enpresa eredu eta lan harremanez hausnartu zen.

Gizarte Foroa aurkezpenen txanda batekin hasi zen. Alberto Alberdi ekonomilariak, egungo testuinguru ekonomikoaz hainbat datu eta hausnarketa luzatu zituen. Ondoren, Lanbideko Javier Ramosek, enpleguaren gaineko prospekzioak eta datu horien arabera hartu behar diren neurrietaz hitz egin zuen. Azkenik, Tomas Arrieta, Lan Harremanen Kontseiluaren presidenteak, lan harremanen gaineko hainbat proposamen luzatu zituen. 

Ondoren, bildutako agenteek, 3 ardatz hauen inguruan, galdera-multzo bana landu zuten, talde txikietan:

1. multzoa – Testuinguru ekonomikoa

  • Ekonomiaren ikuspegitik, zein dira gure indarrak, ahuleziak eta, baldin badaude, desoreka nagusiak? Zeintzuk dira euskal ekonomiaren ezaugarri eta balio bereizgarriak?
  • Nola indartu eta baliatu ditzakegu gure indarrak, eta gainditu, baldin badaude, egiturazko ahuleziak, ekonomia globalizatu eta oso lehiakorrean egoki posizionatzeko?
  • Zer mailatan eta nola lagundu behar du/lagun dezake herrialde baten jarduera ekonomikoak pertsonen ongizatean eta gizarte-kohesioa handitzen? 

Sozio-ekonomia arloko Gizarte Foroa: Enpresa ereduak eta Lan Harremanak

2. multzoa - enplegua

  • Ordaindutako enpleguak zer bilakaera izango du, epe ertain eta luzera, gizarte globalizatu, oso digitalizatu eta robotizatu batean? 
  • Ordaindutako behar adina enplegu aurreikusten ez zaizkion egoera batean, nola eta zer mekanismoren bidez berma daiteke ekonomia lehiakor eta aberastasun-sortzaile batekin bateragarria den zentzuzko gizarte-kohesio bat? 
  • Nola egingo zaie aurre etorkizuneko enpleguen zati baten trebakuntza handiko eskakizunei? Eta nola saihets daitezke lan-merkatua larregi polarizatzeak eta horren ondorioz trebakuntzarik txikieneko enplegu-segmentuak prekarizatzeko arriskuak dakartzaten ondorio kaltegarriak?

3. multzoa - lan-harremanak

  • Zer mailatan da komenigarria (eta bideragarria) enpresako lan-harremanen ardatz nagusia den aldetik konfrontazioaren paradigma gainditzea eta lankidetza-eredu baterantz jotzea? Gizarte-elkarrizketa eta kontzertazioa beharrezko elementuak al dira aldaketa hori ahalbidetzeko? Zer egiteko daukate gizarte-eragile instituzionalizatuek, sindikatuek eta enpresa-erakundeek bertan?
  • Gizarte-kohesioa eta malgutasuna orekatzeari begira, zein da modurik egokiena sektoreetako eta enpresako negoziazio-arloak antolatzeko?
  • Zein dira lankidetza-mailan aurrera egiteko ezinbestean lortu beharreko adostasunak? Eta zein dira pertsonek enpresa-proiektuetan duten inplikazio-maila handitzeko funtsezko transakzio eta orekak (eskubideak, betebeharrak, parte hartzeko egiturak...)? 

Lan mahaietan bildutakoak eszenatoki aukerak planteatzen egon ziren, proposatutako galderen inguruan. Ondoren, adostasun eta aurrera egiteko aukeren inguruan eztabaida txanda abiatu zen. Halaber, desadostasuna sortzen duten gaiak mahaigaineratu zituzten.

Geroa Elkar-Ekin XVIII. Kongresuan partekatuko dira jardunaldi horren emaitzak. Bitartean, bertan egoterik ezin izan zutenak etorkizunari begira bere proposamenak eta erantzunak jasotzeko aukera luzatzen da (ekarpenak arrate.arin@eusko-ikaskuntza.eus helbidera zuzenduz).


  
  
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp