Eragile anitz Euskal Lurraldeen Kohesioa eta Elkarkidetza Eraikitzen

Foroak eta mintegiak

2017/03/20

Eragile anitz Euskal Lurraldeen Kohesioa eta Elkarkidetza Eraikitzen

Euskal lurraldeen kohesioaren inguruko elkarrizketa eremua ireki dugu akademia, gizarte eragileak eta herritarrak elkarlanean jarriz.

2018an ospatuko dugun XVIII Kongresura eramango gaituen bide partekatu honi 2016an eman genion hasiera eta ibilbide kitzikagarri horretan urrats sendoak eman ditugu jada. Une honetan, “Kohesioa eta Elkarkidetza: Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria” proiektuan emandako aurrera pausuen berri emateko leihoa ireki nahi dugu

Lurraldetasunaren inguruan eztabaida partekatua eta egituratua bideratzeko oinarria eskaintzea dugu helburu. Horretarako elkarrizketa eremu bat ireki dugu euskal lurraldeen kohesioa eta bizikidetzari begirako kontzeptu-mapa eta egoeraren diagnosi partekatua osatzeko. Lan honetan oinarrituta, etorkizuneko galderak planteatu eta erantzun bideak zabalduko ditugu, euskal lurraldeen giza-garapenean lagun dezaten.

Metodologia kolaboratiboa eta metatzailea aplikatzen ari gara prozesu ireki horretan, disziplinartekotasuna, hurbilpen teoriko eta ideologiko ezberdinak, praxiak, lurralde, belaunaldi eta genero ikuskera desberdinak bilduz. Finean, adituen eta gizarte zibilaren arteko elkarlan etengabea zabaldu dugu euskal unibertsitateak, erakunde, alderdi, gizarte eragileak eta herritarrak elkar hartuta.

Sortutako emaitza estrukturatzen ari gara; identifikatutako ideia gakoen zoru komuna eta diagnosia hurrengo kontraste eta ekarpenen metaketari heltzeko. Fase honen emaitzen gizarteratzea eta ekarpen berriak jasotzeko, funtsezko ekintza hauek aurreikusten dira.

GIZARTE FORO ZABALA (ekainan): 

Aurreko fasetan jasotako lurraldea eta lurraldetasunaren zoru komuna osatu dezaketen ideia eta kontzeptu gakoak plazaretzeko xedez eta euskal gizartean lurraldetasunaren inguruko elkarrizketa eremu bat irekitzea nahi dugu. Horretarako, gizarte eragileak eta herritarrak bildu nahi dira, lurraldea eta lurraldetasunaren kontzeptu-mapa osatzeko ekarpen berriak jasoz.

UDAKO IKASTAROA (irailean):

Ikastaro honetan lurraldetasunaren interpretaziorako jasotako kontzeptuen "zoru komuna" eta bide irekien aurkezpena eta hausnarketa bideratzea nahi dugu. Era berean, Euskal herriko lurraldeetan sortutako ezagutza, nazioarteko komunitate sozial eta akademikoarekin nahi dugu kontrastean jarri mundu mailan gertatzen ari diren hausnarketa, proposamen eta esperientzietatik ikasiz.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp