Eusko Ikaskuntzaren eredu berriarekin bat datoz udalak

Berri korporatiboak

2017/07/18

Eusko Ikaskuntzaren eredu berriarekin bat datoz udalak

Udalekiko lankidetza Eusko Ikaskuntzaren estrategia berriari egokitu delarik, babes zabala azaldu dute udal ugarik burututako azken aurrez aurreko aurkezpenetan.

2014ean DENOK GAI hausnarketa prozesuaren ondorioz berritu zen Eusko Ikaskuntzaren filosofia eta jarduna. Horren fruitu izan zen gure lana zuzentzen duen zuhaitza. Bost eremuetako lantaldeak eta proiektuak abiatu ostean, beharrezkoa ikusi zen udalekiko lankidetza Eusko Ikaskuntzaren estrategia berriari egokitu behar zitzaiola, elkarlana emankorragoa eta eraginkorragoa izan zedin.

Besteak beste, Udalei eskaintzeko lan-lerro berriak finkatu dira, beti ere gure zuhaitzaren gerizpean:

  • Euskal Gizartearen erronkei lotutako proiektuak: Etorkizun foro, aurkezpen, hitzaldi edo proiektuen bidez, kezkatzen gaituzten gaiak jorratzeko aukera, hala nola, demografia, energia-berriztagarriak, euskararen erabilera, herri txikien etorkizuna, etab.  
  • Historia eta ondarea aztertu eta interpretatu, etorkizuna pentsatzeko abiapuntu gisa.
  • Ikerketak: historikoak eta Eusko Ikaskuntzaren eremu nagusietan lantzen diren gaietatik abiatutako ikerketa lokalak.

Udalak, hiritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direla kontutan hartuta, 2017. urterako lehentasuna dugu gure bazkide diren udaletara gerturatzea, helburua hirukoitzarekin: Eusko Ikaskuntzako proiektu berriaren nondiko norakoak azaltzea, bere babesle izaera berresteko gonbita egitea, eta etorkizuneko lankidetza lan-lerroei buruz hausnartzea, udalerri bakoitzaren beharrizanak kontutan hartuz.

Horretarako, maiatzean abiatu zen komunikazio prozesu hau poliki-poliki eta harrera zinez beroa egin digute orain arte bisitatu ditugun udal guztiek. Honako hauek dira beren babesa berretsi diguten udalak: Antzuola, Bera, Berriozar, Lizarra, Plentzia, Urduliz, Zumarraga eta Zigoitia. Gainera, Igantziko Udalari egiten diogu ongi etorria bazkide berri moduan.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp