Fermin Leizaolak irabazi du 2017ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Sariak

2017/09/07

Fermin Leizaolak irabazi du 2017ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Epaimahaiak “euskal etnografian urteetan zehar egin duen lan paregabe eta emankorra” saritu nahi izan du.

Etnografo eta Ondare Materialean aditu Fermin Leizaolak (Donostia, 1943) irabazi du aurtengo Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Epaimahaiak “euskal etnografian urteetan zehar egin duen lan paregabe eta emankorra” saritu nahi izan du oraingoan. Hala ere, eta epaimahaiak goraipatu duenez, bere ekarpena ez da inolaz ere etnografiara bakarrik mugatzen. Izan ere, antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako lan ugari ere burutu ditu.

Irabazlearen hautaketan hiritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10a, eta falta den %60a Epaimahai Instituzionalaren esku geratu da. Aipatzekoa da, aurtengo edizioan %10ean igo dela jendearen partehartzea, sariak euskal gizartean gero eta garrantzi gehiago duela erakutsiz.

Epaimahai instituzionala kide hauek osatzen dute: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Fundazioa, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntza bera. 

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zen Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko. Manuel Lekuona Saria jaso dute, besteak beste, Jorge Oteizak, Jose Miguel de Azaolak, Justo Garatek, Bernardo Estornesek, Carlos Santamariak, Jose Ignacio Tellechea Idigorasek, Jose Mª Jimeno Juriok, Eugene Goyhenechek, Micaela Portillak, Elias Amezagak, Menchu Galek, Antxon Aguirre Sorondok, Joan Mari Torrealdaik edota Manuel Lekuonak berak. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.

Fermin Leizaolaren biografia laburra:

Etnografoa eta Ondare Materialean aditua. 1958an Aranzadi Zientzia Elkartearen Aurrehistoria sailean sartu zen. Gainera, espeleologia ere landu zuen. Hala ere, barrunbeak esploratzea, artzain, abeltzain eta baserritarren bizimoduak aztertzea bezain presazkoa ez zela konturatu zen.

1965. urtetik kultur antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako artikulu ugari argitaratu ditu. 1975ean I. Jose Miguel Barandiaran Ikerketa Saria lortu zuen “Artzaingoa Euskalerrian Gaur Egun" lanarekin (Euskalerriko artzaiak izenburuarekin argitaratu zen). 

70. hamarkadaren bukaera aldera, Euskalerriko Atlas Etnografikoa egiteko proiektua diseinatu zuen eta euskal geografiako euskalki eta lekuko hizkerak bildu eta aztertu zituen taldea ere koordinatu eta zuzendu zuen.

Fermín Leizaolak hasi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren fondo etnografikoen bilduma. Lan honen emaitza da Zaharkiñak proiektua (1989-2004), Euskal Herriko inbentario etnografikoa egitea helburu zuena eta neurri handi batean ahaztuta zegoen eta ezezaguna zen ondareari balioa eman ziona. 2009an, Gipuzkoako Foru Aldundiak I. Ondare Saria eman zion. Urte horretan bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Urrezko Domina ere eman zion. Gainera, erakunde honen Etnografia Departamentuko zuzendaria da eta baita Munibe. Antropología-Arqueología aldizkariaren komite zientifikoko kide.

Euskal etnografian aditua, hitzaldi ugari eman ditu bai Euskal Herrian eta baita bertatik kanpo ere. Halaber, kongresu eta sinposio ugaritan ere parte hartu du.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp