Bi ikerketa lerro eta eragileentzat ekintza proposamenak

Foroak eta mintegiak

2017/04/19

Bi ikerketa lerro eta eragileentzat ekintza proposamenak

Martxoaren 31an ‘Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak’ mintegia ospatu zen ezaguera eta erabileraren arteko harremanetan sakondu eta hizkuntzaren erabilpena areagotzeko bideak aztertzeko.

Iñaki Dorronsorok, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, egunari hasiera eman zion, erakundeak euskararekiko historikoki izan duen eta egon duen konpromisoa azpimarratuz. Ondoren, Igone Martinez de Luna, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Josune Albizuk, Vital Fundazioko Gizarte Ekintza Zuzendariak, instituzio bakoitzak euskararen eremuan duen kezka eta egiten ari duten lana azaldu zuten. Anjeles Iztuetak, Eusko Ikaskuntzako Arabako Lehendakariordeak, mintegiaren eta jarraian hitza hartuko zuten bi hizlarien aurkezpena egin zituen.

Asier Etxenike soziologoak (Aztiker) Araba lurraldeko datuen analisia egin zuen. Bere hitzaldiarekin azaldu zuenez Araban azken hamarkadetan euskararen hazkundea nabarmendu eta iraganeko estereotipoak pixkanaka desagertzen joan badira ere, euskararen erabilera oso txikia da, soilik %4a, Hego Euskal Herriko portzentajerik txikiena. 

Ondoren, Enrique Zuazua matematikariak (Deustuko Unibertsitatea) euskararen egoera puntu zientifiko batetik aztertu zuen. Matematikari helduz, euskararen dinamika ez lineala dela nabarmendu zuen eta egoera hau aldatzeko indar negatiboak -globalizazioa eta euskal populazioaren beherakada- eta indar positiboak –euskal hezkuntza sistemaren indarra, euskaldunen ugaritzea, administrazio eta zerbitzuak euskarara egokitzea, hedabideen jokaera…- kontuan hartu behar direla aipatu zuen.

Aurkezpen saioaren ostean elkartu ziren 40 lagunek -gazte, ikerlari eta eragile- bost taldeetan banatu ziren lan-dinamika burutzeko. Taldeak, gazteen ikuspuntutik, euskaraz hitz egitera zerk bultzatzen gaituen eztabaidatzen aritu ziren, alde batetik, euskara erabiltzeko ezaugarri pertsonalak jaso ziren eta, bestetik, testuinguru desberdinetan noiz erabiltzen den euskara bilatzen aritu ziren. Bi kasuetan erabilera areagotzeko proposamenen bila aritu ziren. 

Proposamen horien ondorioak bi ikerketa lerro eta eragileentzat zuzendutako, bi ekintza proposamenetan laburbildu ziren: “Gazteen harreman SAREAK euskararen sozializazioan”  eta “Euskararen erabileraren aldeko MOTIBAZIOAK gazteengan” ikerketa lerroetan; eta, “OHITURAK aldatzeko dinamikak bultzatu” eta “Euskaraz funtzionatzen duten GUNEAK sortu” ekintza proposamenak.

2017.03.31

Eusko Ikaskuntzak bi ikerketa lerro hauek aurrera ateratzeko engaiamendua hartu du.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp