Omenaldi batzarra Oñatin: ekainaren 2an, larunbatez

Mendeurrena

2018/05/14

Omenaldi batzarra Oñatin: ekainaren 2an, larunbatez

Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena eta berriro sortu zeneko berrantolaketaren urteurrena dela eta bazkideei dei egin zaie ekainaren 2an Oñatin egingo den ospakizun eta omenaldi Batzar Nagusira joan daitezen.

1918an Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua eta diktadura ondorengo lehen ekitaldia (1978an) egin ziren Gipuzkoako herrian izango da festa giroan egingo den Batzarra. Ekainaren 2koa, batez ere, Eusko Ikaskuntzako bazkideentzako ospakizun eta topaketa eguna izatea lortu nahi da. 

Oñatiko Foruen Plazan, 10.30ean, Oñatz Dantza Taldeak ongietorria egingo die Eusko Ikaskuntzako bazkideei. Dantzariek lagunduta Santa Ana antzokira joango gara, bertan hasiko baita ekitaldia 11etan. Iñaki Dorronsoro lehendakaria eta Mendeurreneko ekitaldien Komite Antolatzaileko lehendakari Xabier Alkortak hitz batzuk egin ondoren, Oñatiko Udalak, alkatea ordezkari duela, Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko Bazkide titulua jasoko du. 

Jarraian, Eusko Ikaskuntzako kide beteranoenei omenaldia egingo zaie. 1978an Eusko Ikaskuntza berrantolatzeko lanean aritu zirenei eskerrak emateko omenaldi xume baina kutuna izango da. 

Bukatzeko, etapa desberdinetan eta egoera historiko aldakorretan Eusko Ikaskuntza zuzentzeko ardura eskuzabaltasun eta ilusioz hartu zutenei egingo zaie omenaldia: Julián Elorza, José Miguel de Barandiaran, Gregorio Monreal, Juan José Goiriena de Gandarias, Xabier Retegui eta Joxe Mari Muñoa (ikusi bakoitzaren aipamen biografikoa).

Ohorezko aurreskuarekin Batzarra amaituko da.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp