Unibertsitateek Euskal Herriaren lurraldetasunaren hausnarketan sakondu zuten

Ikastaroak

2017/09/13

Unibertsitateek Euskal Herriaren lurraldetasunaren hausnarketan sakondu zuten

Eusko Ikaskuntzak irailaren 13, 14 eta 15ean antolatu zuen Uda Ikastaroari beren babesa eta bermea eskaini zioten Euskal Herriko unibertsitateek.

'Kohesioa eta bizikidetza eraikitzen: euskal lurraldeak eta lurraldetasuna XXI. mendean' titulupean, hausnarketa sakonerako aukera eman zuen Uda Ikastaroa antolatu zuen Eusko Ikaskuntzak. Honela, hiru egunetan zehar -irailaren 13, 14 eta 15-, Euskal Herriaren lurraldetasuna izan zen hizpide Donostiako Miramar Jauregian, gai honetan aditu diren zenbait espezialistaren hizketaldiekin. Uda Ikastaro honetan sortu zen gogoeta honi babesa eskaini zioten Euskal Herrian finkatuta dauden unibertsitateek, eta, honegatik, erakunde horien arduradunek eman zioten hasiera.

Honela, Miramar Jauregira hurbildu ziren: Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro jauna; EHU-ko errektore Nekane Balluerka anderea; UPNA-ko errektore Alfonso Carlosena jauna; Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreorde José Antonio Rodríguez Ranz jauna; UNAV-eko Ikerketa errektoreorde Iciar Astiasarán anderea; UNED Bergarako zuzendari Iñaki Esparza jauna; UEU-eko zuzendari Iñaki Alegria jauna; eta MUko Idazkari Orokor Idoia Peñacoba anderea. Halaber, Uda Ikastaroaren zuzendari Mario Zubiaga eta Beatriz Akizu ere bertan izan ziren.

Gai honetan aditu diren zenbait espezialistaren eskutik, lurraldeen arteko elkarren ezagutza eta sinergia sozio-ekonomiko eta kultural egokiak bideratzeko tresna politiko aproposen sorrerarekin, hausnarketan sakondu zen. Kohesioa helburu eta elkarkidetza medio, lurraldea eta lurraldetasunaz hitz egiteko gakoak identifikatzeko ariketa parte-hartzailea izan zen Miramarren burutu zena. Ikastaroa ospatu baino lehenago hausnarketa sakon, anitz eta metatzaile batean jaso ziren kontzeptu gakoak metatu ostean, ‘zoru komuna’ identifikatu zen eta hori izan zen, hain zuzen ere, kontrastean jarri zena Miramarren bertan. Uda Ikastaro honi esker bultzada berria eman zaio Eusko Ikaskuntzarentzako gakoa den proiektu honi, Euskal Herriko Unibertsitate guztien presentzia eta babesarekin. 

5 lan lerro nagusietan murgildurik

Ikastaro hau, Eusko Ikaskuntzaren egituraketa sozio-politikoaren lan-lerroan kokatuta dago, hain zuzen ere, eremu honetan jorratzen ari den “Kohesioa eta elkarkidetza. Euskal Herriko lurralde(ar)en Liburu Zuria” proiektuaren baitan. Honek, Euskal Herriko kokapena Europan, lurraldeen arteko kohesioa eta elkarkidetza, uztardura praktikoak eta sare eraiketaren onurak, eta XXI. mendeko Euskal Herriaren gobernantza estiloak ditu aztergai.

Dena den, egituraketa sozio-politikoarena ez da Eusko Ikaskuntza lantzen dabilen lan-lerro nagusi bakarra. Guztira 5 dira, hain zuzen ere. Ondokoak dira erakundea lantzen dabilen gainontzeko lan lerroak:

  • Etorkizuna irudikatu: lerro honen helburua garbia da. Euskal Herriaren etorkizuna zein den irudikatzea eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diren identifikatzea erantzun posibleak biltzeko.
  • Euskararen etorkizuna: izenak dioen bezala, euskararentzako zein etorkizun nahi dugun definitzea da lan-lerro honen helburua.
  • Errealitate sozio-kulturala: Euskal Herriko gizarte eraldaketa prozesuan eragiten duten funtsezko elementuak –balioak, kulturartekotasuna eta identitatea(k) besteak beste- dira lan-lerro honek aztertzen dituenak.
  • Eredu sozio-ekonomikoa: egungo sistema sozio-ekonomikoaren baitan dauden edo egon daitezkeen eredu berriak eta esperientziak aztertzen ditu lan-lerro honek. 
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp