Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans erakundeak ikerketarako beka bana ematen dute urtero, katalan zein euskal kulturaren alderdi jakin batean interesaturiko ikertzaile gazteentzat.
Gaia: katalan eta euskal kulturaren arteko azterlan konparatiboak
Zuzkidura: 4.680 €
Iraupena: 3 hilabete
Eskaerak aurkezteko epea: martxoaren 15a
Hautagaiak: EIko kideak.
Deialdia 2010
Institut d’Estudis Catalans (IEC) erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak (EI) lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu zuten 1996an. Hitzarmenak elkarlan-bideak finkatzea zuen helburu, bi erakundeen baliabideak egokiago erabiliz katalan eta euskal kultura ikertzeko, sustatzeko eta hedatzeko, dagozkien esparruetan.
Katalan eta euskal kulturari buruzko konparazio-azterlanetan oinarritutako ikerketa-proposamenak aurkeztuko dira.
Azken hamar urteotan graduatutako edo lizentziatutako gazteek eskuratu ahal izango dute beka.
Beka EIko kideei emango zaie, bi baldintza betez gero: urteko kuota ordaindu izana edo, dokumentazioa aurkezteko epea bukatu aurretik, EIn sartzeko eskaria egin izana.
Beka ezingo da bateratu aztergai berberaren inguruko beste batekin, berariazko baimenik lortzen ez bada.
Bekaren bidez, hiru hilabeteko gehieneko egonaldia ordainduko da. Aipatutako egonaldia esleipen-dataren hurrengo sei hilabeteetan egingo da, katalana hitz egiten den eremu batean.
Proposatutako lana burutzeko gehieneko epea urtebetekoa izango da, eta beka eskuratu izanaren jakinarazpen-datatik 15 egunera emango zaio hasiera.
Bekaren hornidura ekonomikoa LAU MILA SEIREHUN ETA LAUROGEI (4.680) eurokoa izango da.
Bekaren zenbatekoa honela ordainduko da: % 80 ikerketei ekiten zaienean, eta gainerako % 20 lan burutua entregatu eta epaimahaiak onartu ondoren.
Eskaera-inprimakiak EIren edozein bulegotan eskura daitezke, eta www.eusko-ikaskuntza.org web orrian ere bai. Hona hemen aurkeztu beharreko dokumentu guztiak:
1. inprimakia. (eta NANren fotokopia). (talde-eskarietan, parte-hartzaile guztienak)
2. inprimakia. (talde-eskarietan, parte-hartzaile guztienak)
3. inprimakia. (kasuan kasuko ikerketari buruzko memoria xehatua)
EIren kideen kuota ordaindu izanaren egiaztagiria.
Aztergai berberari buruzko beste beka bat ez eskuratu izanaren aitorpen sinatua.
Aurkeztutako azterlana berria eta originala dela egiaztatzen duen aitorpen sinatua.
Unibertsitate-titulu edo –dokumentu ofizialaren kopia.
Unibertsitate-irakasle edo EIko nahiz IECko kide baten bermea, eskatzailearen zientzia-gaitasuna ziurtatzeko.
Aurreko atalean aurreikusitako dokumentu guztiak 2010ko martxoaren 15a baino lehen aurkeztuko dira.
Dokumentuak hainbat modutan helaraz daitezke:
- EIren edozein bulegotara eramanez. Horietan, deialdiari buruzko zalantza guztiak argitzeko aukera egongo da.
- bekak@eusko-ikaskuntza.org helbide elektronikora bidaliz.
- Faxez: 943 213 956.
5. inprimakia (onarpen-aitorpena) entregatzea, egoki beteta eta sinatuta, 15 eguneko epean, beka eskuratu izanaren jakinarazpen-datatik aurrera. Epea igaro eta berariazko onarpen-aitorpenik jaso ez bada, esleipena ez-onartutzat hartuko da, eta ordezkoari emango eta jakinaraziko zaio. Ordezkoak urrats berberak eman beharko ditu
Gauzatutako zereginen inguruko oharpen, zirriborro, aurrerakin eta emaitzak EIren esku jartzea.
Aurreikusitako planarekiko aldaketa ororen berri ematea. Horrelako aldaketak egiteko, nahitaezkoa izango da EIk berariazko baimena ematea.
Bekadunek finantzatzailea zein den (EI) adieraziko dute, bekaren bidez egindako ikerlanaren ondorioz kaleratzen dituzten artikuluetan, biltzarretan aurkeztutako komunikazioetan eta era guztietako argitalpenetan.
Lan burutua euskarri magnetikoan eta paperean entregatuko da, bikoiztuta, EIk jatorrizko lanak entregatzeko moduaz ezarritako arauekin bat. (6. inprimakia)
Halaber, lan burutuaren laburpena ere entregatuko da, RIEVen edo EIren beste edozein argitalpenetan kalera dadin, hala badagokio.
Sortutako lanaren jabetza intelektuala proiektua gauzatu duen pertsonarena edo pertsonena izango da.
Beka onartuz gero, ustiapen-eskubideak “Eskubide Lizentzia” agirian (sinatu egingo da) zehaztutako eran erabiltzeko baimena emango zaio EIri. Eskubide horietaz diru-trukerik gabe baliatuko da. (7. inprimakia)
Epaimahaikideak honako hauek izango dira: EIko lehendakaria edo lehendakariak bere ordez izendatutako kidea eta kasuan kasuko ikerkuntza-alorretako adituak, EIko Batzorde Eragileak izendatuak.
Bekadunen izenak dokumentuak aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabetera emango dira ezagutzera.
Beka eskatzen duten izangaiek ez dute abiaraziko epaimahaiaren erabakiaren kontrako auzibide-ekintzarik nahiz bestelakorik.
Epaimahaiak beka ez emateko erabakia hartu ahal izango du, aurkeztutako proiektuen baldintzak eta bermeak behar bestekoak ez direla iruditzen bazaio. Era berean, bigarren eta hirugarren proiektua ere aukeratuko ditu, irabazleak bekari uko eginez gero, hurrengoak eskura dezan. Erabakia eta arrazoiak aktan jasoko dira.
Bekak izapidetzerakoan sortutako gorabeherei buruzko erabakiak EIk hartuko ditu, eta ezingo da kontrako errekurtsorik aurkeztu. EIk beka bertan behera uzteko erabakia hartu ahal izango du, bekadunek aurreko ataletan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badituzte.