castellano | français | english

bilaketa aurreratua | web mapa
Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua: Garapen IraunkorraEusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua: Garapen Iraunkorra

Aurkezpena

Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua
GARAPEN IRAUNKORRA - IT. etorkizuna

Nicolás Gaminde

Eusko Ikaskuntza 1918an sorturiko erakundea da eta euskal kulturako lurraldeetan kultura eta zientziaren garapena babestu eta sustatzea du helburu. Ezagueraren abangoardian den erakundea, gizarte erronka nagusiei gogoetaren bidez aurrea hartzen eta erantzun positiboak artikulatzen saiatzen dena.

Eusko Ikaskuntzaren Kongresuek zeregin guztiz nabarmena izan dute historian zehar, ikerketa eta aurrerabide tekniko eta humanistikoaren suspergarri izan baitira kultura lokarri komun batek elkarturiko komunitateetan. Lehenetik, 1918koa, euskal gizarte modernoaren iratzartze zientifikoa markatu zuen hartatik 2001 urtekora arte, hirugarren milurtekoaren koordenatu berrietan Euskal Herriko arte, kultura eta zientziaren egoera zein zen agertarazi zuen horretara, Eusko Ikaskuntzaren Kongresu guzti-guztiak gogoeta zorrotz, sakon eta emankorraren une izan dira, gure gizarteen oraina eta etorkizunerako proiekzioak aztergai izan dituztenak.

Ildo horretan kokatzen da 2005eko azaroaren 29 eta 30ean eta abenduaren 1ean egitekoa den Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua, guztiontzat garrantzi izugarria duen gai bati buruzkoa: Garapen Iraunkorra.

Garapen Iraunkorra jadanik Euskal Herriko etorkizunerako lehentasun handieneko faktorea delakoan, 2004ko udaberrian Eusko Ikaskuntzak gogoeta prospektibo-estrategiko baten Lehen Aldia abiarazi zuen, 60 aditu eta eragile sozial baino gehiago inplikatuz, geroko belaunaldiekiko eraginkorrago eta solidariagoa izango den garapen eredu batera eramango gaituzten faktore estrategiko erabakigarriak zehaztearren eta erabaki politikoak eta ingurumen, energia, gizarte, kultura, teknologia eta ekonomia alorreko jarduerak moldatzearren.

2005eko otsailean abiaturiko II. Aldian sei lan talde eratu ziren, hartarako zeharkako eta diziplina askotariko ikuspegia erabiliz eta partaidetza pluralekoa gauzatuz. XVI. Kongresuak gertaera gogoangarria izango da gogoeta prozesu luze honetan, eta horren amaieran, 2020 urtea jomuga, Garapen Iraunkorrari dagokion jarduketarako proposamen multzo bat zehaztuko da.

Zorroztasun zientifikoa, izaera apolitikoa eta administrazio publikoekin –Euskadikoak, Nafarroakoak edo Iparraldekoak izan– dituen harreman positiboak ematen dioten bermearekin, Eusko Ikaskuntzak herritarren, alor sozioekonomikoaren eta erakundeen inplikazio ahalik eta zabalena bildu nahi du garrantzi handiko prozesu honetan. Izan ere, prozesuaren jomuga ez da biodibertsitatearen kudeaketa hobea bakarrik, baizik eta demodibertsitatearena ere, hau da, Gizadiaren mosaiko aberatsa osatzen duten herri eta kulturen dibertsitatearen aldeko begirunea.

Kongresua hiru Jardunalditan egingo da:

Lehenengo Jardunaldian, prozesuaren Bigarren Aldiaren ondorioak aurkeztuko dira eta, horrekin batera, zenbait egite zehatz eta nazioarteko adituen txostenak azalduko dira.

Gure bizitzak ezin geldituzko “urbanizazio” prozesuan daudenez, Bigarren Jardunaldia “Hiriak berrasmatzea” gaiari eskainiko zaio. Hiritarrek, teknologiaren eta eragile ekonomikoen zein kulturalen laguntzarekin, garaturiko hiri iraunkorra kontzeptu berriaren bideragarritasuna aztertuko da.

Hirugarren Jardunaldian, Administrazio Publikoek eta Zientzia eta Teknologia erakundeek Garapen Iraunkorraz duten ikuspegia azalduko digute. Txosten, komunikazio eta eztabaiden bidez, burutu beharreko ekintza bereziak aztertuko dira. Aldi berean, jardunaldi horretan zehar Gazteen Foroa egingo da, bertan hainbat gaztek eta Euskal Herriko zazpi Unibertsitateetako ikaslek esku hartuko dutelarik. Azkenik, hiru jardunaldien ondorioak zehazteari ekingo zaio, Gazteen Kongresuaren ondorioak ere barne hartuz.

Hainbat jende animatu nahi dugu Kongresuan parte hartze bizia izan dezan: jadanik 2002-2020 Garapen Iraunkorrerako Estrategia batez horniturik dagoen Autonomia Erkidegoko euskaldunak, Nafarroako Foru Komunitatekoak, zeina eredugarria den bere energia plangintzan, eta Iparraldeko lurraldekoak, hain harmonia fina agertzen duena industriaren eta landaren artean, hiri bizitzaren eta baserri girokoaren artean. Halaber, enpresak eta eragile ekonomikoak gonbidatzen ditugu eginkizun dinamizatzailea beren gain har dezaten, horrek abantaila lehiakorra emango dielakoan; bai eta organizazio eta erakunde publikoak ere, beraiei baitagokie Garapen Iraunkorraren bidez etorkizun zuzenago eta hobe batera eramango gaituzten estrategia eta sistema eragilea finkatzea. Eta, jakina, gaztediarentzat zabalik daukagu Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresu hau, gazteen orainaldiarekiko sentiberatasun kritikoa eta etorkizunaerako irudimen dinamikoa ezinbestekoak gertatzen baitira, gure hazkunde ereduaren egiturazko aldaketa bultzatuko badugu.

Nicolás Gaminde
XVI. Kongresuko eta Batzorde Zientifikoko Lehendakaria
2005 Apirila

  • Barruti pribatua
  • Komunitatea
  • Pribatutasun politika
  • Legala
  • EIri Buruz
  • Harremanak
  • Gogokoei erantsi
ei-sev@eusko-ikaskuntza.org © 2005 Eusko Ikaskuntza
Bazkide Txartela