Eusko Ikaskuntzak sozietatearen misio aurrendaria adierazteko erabili ohi ditu kongresuak. Izan ere, kongresu bakoitzerako etorkizunera begiratzen duen gai bat hautatzen du. Hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzak antolatutako aurreko kongresuetan etorkizuneko irizpide horiek landu dira baita egungoak ere (gai zabalak biak). Kongresuaren irekiera eta aniztasuna sustatzea beti izan da garrantzitsua Sozietatearen diziplina aniztasuna jasotzeko. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak 15 talde zientifiko, fundazio, erakunde eta talde ezberdinekin lan egiten du. Era berean, irekiera kontzeptu honek lotura dauka kongresu honen helburuetako batekin: parte-hartzea sustatzea.
Kongresua denboran eta espazioan kokatzen den gertakari bat izango da non ondorioak aurkeztu, eztabaidatu eta jasoko diren. Honen guztiaren xedea izango da hurrengo kongresua bitartean egin beharreko jardunak zehaztea. Hau izango da, beraz, kongresu berriaren gaia eta dinamika: Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza.
Kongresu bakoitza bakarra izan arren, XVII. Kongresuak ondorengo ekarpenak hartuko ditu abiapuntutzat: Garapen Iraunkorrari buruzko aurreko kongresua, diziplina anitzeko Aurrerapen Garbia eta Iraunkorra proiektua, Iraunkortasunerako berrikuntzaren kaleidoskopioa izeneko mintegia (Bilbo, 2008ko abenduak 2-4), Javier Retegui-ren “Eusko Ikaskuntza: vocación colectiva” artikulua (2007) eta Teresa del Valle-k eta Amaya Pávez-ek egindako “Aurrerapenaren baldintzak aztertzeko adierazle sozialak” ikerketa (Revista Internacional de los Estudios Vascos, RIEV, 53, 1; 2008; 45-81).
Ekarpen horietan guztietan gizartearen garrantzia eta diziplina arteko gogoeta egiteko beharra azpimarratzen da, gizarte agendan eta giza zientzien etorkizunean dauden galderen erantzuna bilatzeko baliabide diren heinean. Gizartearen konplexutasunera hurbiltzea izango da XVII. Kongresu honen xedea zeinak era berean, bere genealogiaren gidariak zehaztuko dituen.
Kongresuaren egoitza hautatzeko Eusko Ikaskuntzak hainbat lurraldetan duen presentzia kontuan hartu da baita hautatutako lekuko erakundeen laguntza ere. Azken kongresuak (XVI. eta XV. Kongresuak) Bilbon eta Donostian egin direnez, aurtengoa Araban egingo da.
Kongresuan Eusko Ikaskuntzak ofizialtzat hartzen dituen hizkuntzak erabiliko dira, hots, euskara, gaztelera eta frantsesa. Ingelesa ere kontuan hartuko da zientzietan eta egungo komunikazioetan duen garrantziagatik. Parte hartzeko dauden modu ezberdinetan bestelako hizkuntzak erabiltzea proposamena egiten duten pertsonen esku egongo da. Osoko hitzaldietan aldibereko interpretazioa eskainiko da.
Batzorde Zientifikoaren kideak hautatzeko hainbat irizpide kontuan hartu dira (lehentasunik gabe): hizkuntza, lurraldea, nazioartekotasuna, emakume eta gizonen presentzia berdina, belaunaldiak, espezialitate alorrak edota lan-eremuak. Osoko hitzaldiak eskainiko dituzten pertsonak hautatzeko irizpide zientifikoak eta berdintasunekoak erabili dira, baita gizartearen aurrerapenaren adierazpen aktiboak ere.
Azkenik, azpimarratzekoa da proposamenak aurkezteko prozesua irekia izan dela. Izan ere, interesa zuen pertsona eta erakunde orok bere proposamena aurkezteko aukera izan du, betiere kongresuaren helburu eta ardatzei egokitzen bazitzaion. Bestetik, batzorde zientifikoak aurretik kontuan hartu ez baina esanguratsutzat jo dituen hainbat gai indartu dira eta hortaz, proposamen gehigarriak prestatzeko gonbidapen zehatzak egin dira.

Teresa del Valle
XVII. Kongresuko eta Batzorde Zientifikoko Lehendakaria