Historia

«Eusko Ikaskuntza sortarazi beharko zuen batzar nagusi baten ideia Angel Apraizena izan zen, Bilbon eman zuen hitzaldi batean azaldurikoa. Ideia zabaldu egin zen gero eta, euskal Aldundien laguntza zela bide eta erakunde zein partikular askoren atxikimendu beroari esker –Zuberoa eta Erronkaritik Karrantza eta Gobiaraneraino–, batzar handi hura egin ahal izan genuen».

Oñatiko Kongresua (1918)

Horrela azaltzen zuen Jose Migel Barandiaranek Eusko Ikaskuntzaren sorrera, 1918an Oñatin (Gipuzkoa) egindako Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren emaitza gisa, alegia.

Bere lehen urteetan Eusko Ikaskuntzak hiru Kongresu handi antolatu zituen (Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresu, irakaskuntza eta arazo ekonomiko-sozialen ingurukoa, Iruñean, 1920an; Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresua, Gernikan, 1922 urtean, hizkuntza eta irakaskuntzari buruzkoa; V. Kongresua, lanbiderako orientabide eta irakaskuntzari buruzkoa, Gasteizen, 1926an), bai eta beste bi Batzar ere, udal arazoez (1919) eta euskal arrantzaren egoeraz (1925) jardun zutenak.

Hasiera hartan, halaber, Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindia abiarazi zuen, geroko ikastolen oinarri teorikoak ezarri zituen eta euskarazko lehen eskola liburuak eginarazi zituen.

Era berean, metodologia eta goi kulturari buruzko ikastaroak antolatu, bekak eta pentsioak banatu eta laguntzak eman zituen arkeologia alorreko miaketa lanak egiteko, bai eta artxibologia eta dokumentazio alorreko lehen sistematizazioak bultzatu ere, eta Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore zein Revista Internacional de los Estudios Vascos, RIEV aldizkarien argitalpena hartu zuen bere gain.

Eusko Ikaskuntzako Udako Ikastaroak

Primo de Riveraren diktaduraren garaian zailtasunak izan ondoren, hogeiko hamarkadaren amaieratik aurrera Eusko Ikaskuntzak gogo biziagoz ekin zion lanari, lehen Udako Ikastaroak (1927tik aurrera) antolatuz, elebitasuna irakaskuntzan aztertuz, Euskal Unibertsitatearen aldeko Batzorde bat eratuz, kongresu tradizioarekin lotuz, euskal arte herrikoiari eskainiriko V. Kongresuarekin (Bergara, 1930). Aldi berean, alderdien gaineko izaera zuen Autonomia Batzorde batek euskal historiaren lehen proiektu autonomikoa aurkeztu zuen 1931ko maiatzean, Lizarrako Estatutua izenez ezaguna dena.

Gerra Zibilaren ondoren Eusko Ikaskuntzaren jarduerak etenik gertatu ziren Hego Euskal Herrian, baina hala ere horrek ez zuen galarazi bi Kongresu egitea, Miarritzen (1948) eta Baionan (1954). Horiek, bost kontinenteetan barreiaturiko kultura jendea berriro biltzea bideratu zuten.

1978ko irailean, Oñatin bilduriko bazkideen Batzar Nagusiak Eusko Ikaskuntzaren jarduera berriro abiaraztea erabaki zuen, Jose Migel Barandiaran lehendakari izendatzen zuela, eta honek helburua finkatu zuen: «gure Elkartea euskal ikerkuntza eta ikaskuntza gunea izan dadin, hemengo eta mundu osoko euskalarien bilgune edo elkargunea».

Harrezkero, Eusko Ikaskuntza bere lan zientifiko eta kulturala garatzen ari da euskal kulturako lurralde guztietan.

Jose Migel Barandiaranen ondoren (1978-1991), hauek izan dira erakundeko buruak: Gregorio Monreal (1992-1996), Juan Jose Goiriena de Gandarias (1996-2002), Javier Retegi (2002-2008), José María Muñoa Ganuza (2008-2012) eta 2012ko uztailaren 20tik Iñaki Dorronsoro da Eusko Ikaskuntzaren Lehendakari berria.