Eusko Ikaskuntzak jatorria gogora ekarri du

Mendeurrena

2018/06/02

Eusko Ikaskuntzak jatorria gogora ekarri du

Bazkide beteranoenak eta ehun urteetan lehendakari izan dituenak omendu ditu Eusko Ikaskuntzak Oñatin egindako batzar hunkigarrian, Mendeurrenaren ospakizunen baitan.

Eusko Ikaskuntzako lehendakariek eta bazkide beteranoenek omenaldia jaso zuten Oñatin. Gipuzkoako herri horretan, hain zuzen ere, 1918an Eusko Ikaskuntzako lehen Kongresua egin zen eta berrogei urteko debekuaren ondoren,1978an, Eusko Ikaskuntza birsortzeko ekitaldia egin zen bertan.

Eusko Ikaskuntzako urteroko batzarra ospakizun eta festa giroan egin zen, erakundearen mendeurreneko ekitaldien baitan. Foruen plazan Oñatz Dantza Taldeak harrera egin zien bertaratutakoei eta ondoren Santa Ana antzokira joan ziren, han izan baitzen ekitaldia.

Iñaki Dorronsoro lehendakariak eta Mendeurrena antolatzeko batzordeko lehendakari Xabier Alkortak hitz batzuk egin ondoren, Ohorezko Bazkide izendatu dute Oñatiko herria, Mikel Biain Berraondo alkatearen bidez. Horrekin, Eusko Ikaskuntzak onarpena egin nahi izan dio erakundearen historiarekin lotura banaezina duen herriari, eta Oñatiko herriari eskerrak eman dizkio babesagatik eta bertan antolatu diren hitzorduetan izandako harreragatik. 

Jarraian, duela berrogei urte, 1978an, berreraikitze prozesuko kide zirenei omenaldia egin zitzaien. Ekitaldi honetarako Belén Moreno artistak diseinatutako pieza bana oparitu zieten.

Ehun urte hauetan Eusko Ikaskuntzak zazpi lehendakari izan ditu: Julián Elorza (1918-1936), José Miguel de Barandiaran (1978-1991), Gregorio Monreal (1992-1996), Juan José Goiriena de Gandarias (1997-2002), Javier Retegui (2003-2008) eta Joxe Mari Muñoa (2008-2012), egun presidente den Iñaki Dorronsoroz gain. Omenaldian zehar bakoitzaren lehendakaritza garaiak gogoratu ziren eta Eusko Ikaskuntza zuzentzeko ardura beren gain hartu zuteneko etapak eta egoera historikoak goratu ziren, bai eta egindako ekarpen konkretuak ere. 

Ohorezko aurresku batek itxi zuen Eusko Ikaskuntzak Oñatin bizi zuen egun berezia.

Omenaldi Batzar Nagusia

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp