Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez?

Gazteen euskararen erabileraren azterketa Bilbon

Gazteen artean euskaldun kopurua handia den arren, asko testuinguru soziolinguistiko oztopotzaileetan bizi dira, alegia, euskaldunen ehunekoa murritza den herrietan, Bilbon esaterako. Testuinguruotan gazteek aukera gutxi izaten dute euskara kalean erabiltzeko, eta esan daiteke eskola edota unibertsitatea izaten dela euskaraz egiteko duten leku bakarretakoa. Erabilera urri horrek gazteon hizkuntza identitatean eta euskararekiko eraikitzen duten loturan ere badu eraginik.

Horregatik, gazteek euskara nola bizi duten eta etorkizunean euskararekin izango dituzten hizkuntza-praktikak nolakoak izango diren aurreikustea ezinbestekoa gertatzen da.

Eremu tematikoak
Euskararen etorkizuna
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2017-05-01-2017-12-31

Eusko Ikaskuntzak, Bilboko Udalarekin elkarlanean, Bilboko gazteen euskara erabileraren gainean ikerketa bat egiten ari da “Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez? Gazteen euskararen erabileraren azterketa Bilbon” izenburupean. 

Ikerketaren helburuak honakoak dira: batetik, Bilboko gazteek euskararekiko dituzten esperientziak ezagutzea eta beraien euskararen erabilera sustatzeko gakoak identifikatzea; eta bestetik, gazteon artean euskararen erabilera indartzea eta gazteoi hitza ematea.

Euskara sozializatzeko eta ikasi dena erabiltzeko esparru berriak behar dira, euskara afektibitatearekin, gizarteko harremanekin eta aisiarekin lotuko dutenak. Eta, horrekin batera, euskararen hiztun-mota guztien arteko erlazioak sustatzea funtsezkoa da. Hor dago euskara garatzeko erronka, erabileraren zenbakiek gora egin dezaten.

Ikerketaren nondik-norakoak

Izaera kualitatiboa duen ikerketa burutuko da: diagnosi, hausnarketa eta proposamenak.

Ikerketak bi fase izango ditu:

  1. Gazteentzat zuzendutako foro-partehartzaileak.
  2. Bilboko eragileekin kontraste mintegia.

Foro parte-hartzaileak 

Foroaren xedea gazteen euskararekiko bizipen, esperientzia eta nahiak ezagutzea da, dinamika parte hartzaileak eta ludikoak erabiliz. Bilboko 15 eta 22 urte bitarteko perfil ezberdinetako gaztek parte hartuko dute:

  • euskara etxean ikasitakoak eta eskolan euskaldundutakoak,
  • eskolatik kanpora beraien eguneroko bizitzan euskara badarabiltenak edota gutxi ala oso gutxi erabiltzen dutenak,
  • erabiltzeko nahia edo jarrera aktibo bat agertzen dutenak zein jarrera pasiboagoa erakusten dutenak,
  • euskararekiko lotura afektibo handia dutenak eta lotura epelagoa agertzen dutenak.

Foroak bi saio izango ditu eta urriko bi larunbat goizetan ospatuko da, urriak 7 eta urriak 21, Bilboko Euskararen Etxean

Eragileekin kontraste mintegia

Bilboko gazteekin kontaktu zuzena dituzten eragileak eta euskalgintzako eragileak izango dira mintegi honetako parte hartzaileak.

Mintegiaren helburuak:

  • Gazteak foroan esan dutena eragileekin kontrastatu.
  • Eragileen lanetik eta gazteen euskara erabilerari begira, identifikatzen dituzten erronken gainean hausnartu.

Ikerketaren lan taldea

  • Lan talde profesionala: proiektua definitu, aurrera eraman eta amaiera txostena idazteaz arduratuko da. Kideak: 
    • Jone Goirigolzarri. Deustuko Unibertsitatea.
    • Ane Ortega-Etcheverry. Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola.
    • Idoia Carramiñana. Deustuko Unibertsitatea.
  • Foroko moderatzaile/dinamizatzaileak: Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultura eta Hizkuntza graduko ikasleek Foroko talde dinamikak bideratu eta notak hartzeaz arduratuko dira. 
 
Sustatzaileak: 

sustatzaileak