Garapen iraunkorrak aukerako kontzeptu esparrua eskaintzen du prospektiba estrategikoa azterketarako, irudimenerako eta konpromisorako plangintza metodo gisa erabiltzeko, bai eta teknologiaren aldetik bideragarriak, ekonomiaren aldetik errentagarriak, ingurumenarekiko errespetutsuak eta gizartearen aldetik desiragarriak izango diren proiektuak eta prozesuak aukeratzeko eta garatzeko ere.
DPB (GI) Proiektuaren abiaburu gisa, Eusko Ikaskuntzak Garapen Iraunkorrari buruzko gogoeta prospektibo-estrategikoaren lehen aldia antolatu du, eta horretan mundu mailako Garapen Ekonomiko eta Sozialaren joerak eta horien faktoreen arteko erlazioa aztertu dira –jarduketa maila guztietan–, horrek guztiak Ingurumenean dituen eragin eta ondorioekin batera.
Donostiako Teknologi Elkartegian egin ziren lehen aldi horretako lau bilera zientifikoak. Garapen iraunkorrari aplikaturiko metodologia prospektibo-estrategikoaren munduan ospe handia duten zenbait zientzialarik zuzendu dituzte bilerak, eta horietako bakoitzean gure gizarteko 60 aditu eta eragilek –zientzialariek, administrazio publiko, gizarte zibil eta gainerako sektore pribatukoek– parte hartu dute, zeintzuek garapen iraunkorraren inguruan diharduten hainbat alor, ikuspegi eta espezialitatetan.
Lehen aldi horren helburua, aurreikuspenen arabera, etorkizuna erabakiko duten faktore estrategikoak zehaztea izan da, iraunkortasuna helburu betiere. Horrek ahalbidetu egin du jarraitu beharreko hainbat politika eta jarduketa ildori –ingurugiroa, energia, teknologia, gizartea, ekonomia, etab.– dagozkien aukera estrategikoak igartzea.
Horren ondorioak Euskal Herria 2020 Proiektuan bildurik daude. Bertan epe labur, ertain eta luzerako 47 helburu zehazten dira, bai eta 107 oinarrizko ekintza estrategiko (2006-2008) eta 156 berehalako ekintza estrategiko ere (2004-2005).
Argibide gehiagorako, zure eskura duzu Lehen Aldiko bileretan sorturiko dokumentazioa.