Egilea(k): Davant, Jean-Louis [et al.]
Publikazioa:Ezaugarriak:
708 or. : ir. ; 24 cm.
Apain, ongi eta arin, -ez dena gertatzen maiz Biltzarretako aktekin edo solasekin-, datorkigu liburu mardul hau, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak Anton Abbadiaren mendeurrenean, 1997ko irailaren 24tik 26ra antolatu biltzarrean aurkeztu txostenekin paratua. Lau ekitaldi nagusi izan zituen kongresuak, hasierako eta bukaerako zeremonietako hitzaldiez at, hauetan kultur eta politika agintariek parte hartu zutelarik bai Hendaian bai eta Saran. Nazio eta Unibertsitate ezberdinetako irakasleen berrogeita zazpi txosten biltzen dira bertan honelaxe banaturik: 24 euskaraz, 12 gaztelaniaz eta 11 frantsesez. Konparatzen badugu Anton Abbadia hil zen urtean Donibane Lohizunen, Société d´Ethnographie Nationale et d´Art Populaire erakundeak antolatu biltzarrean gertatutakoarekin, alegia, bertako testu printzipalenak La Tradition au Pays Basque (1899) liburuan bilduak, denak frantsesez zirela, -Casals, Becas, Otaño eta Diharassarri koplarien euskal bertso sarituak salbu-, pentsa genezake Anton Abbadia bere gazteluko hilobitik iratzarriko balitz bozkarioz beteko litzatekeela, ikusiz nola ehun urteren buruan bere oroimena ez den itzali, 1851ean, ereiten hasi zen hazia fruitu ederrik ematen ari dela, berak hasitako obrak baduela jarraitzailerik, ez zela alfer-lana izan, eta Euskal Herriak oraino bizirik dirauela.