EI-SEVek Hitzarmenak sinatu ditu hainbat udalekin, Erakunde publikorekin eta erakunde pribaturekin kultura eta zientzia jarduerak garatzearren. Horien artean, nabarmentzekoak dira:
Ikerketarako bekak
Beka hauek udaletako historia, gizarte, ondare eta toponimiaren hainbat alderdi berreskuratuko dituzten ikerlanak garatzeko eman ohi dira.
Argitalpenak
1996an
Lankidetzan bilduma sortu zen udalekin eta beste erakundeekin lankidetzan buruturiko testurik interesgarrienak biltzearren. Fondo horretan ikerlanak, jardunadi eta sinposiumen aktak, omenaldiak, herri kantutegiak bildu dira, baliozko beste hainbat materialen artean, jakintzagai sorta zabala hartzen dituela.
[argitalpenetarako lotura]
Aholkularitza zientifikoa eta teknikoa
Eusko Ikaskuntzak udalen esku uzten ditu bere ikerketa ondarea eta profesionalak, aholku ematearren kultura eta zientzia alderdiei dagokienez.
Artxiboak, liburutegiak eta dokumentazio zentroak
Beken bidez edo esperientzia frogatuko profesionalen bidez, fondo historikoak eta administrazio dokumentazio guztia egokiro sailkatu eta kontserbatzeari ekiten zaio, bai eta udaletan gordailaturiko fondo pribatuak direnean ere, halakoak idatziriko dokumentuak edo materialak edo argazkiak izan.
Jardunaldiak, sinposiumak
Alor honetan EI-SEVek duen esperientzia zabalaz baliaturik,
jardunaldiak eta sinposiumak deitu ohi dira tokiko erakundeetarako interesgarriak diren gaiei buruz. Gure Elkartea arduratzen da antolaketa kontuez eta arazo teknikoez, bai eta ekitaldien zabalkundeaz ere.
Ikastaroak
Udal langileei zuzenki bideraturiko gaietatik (hala nola artxiboen gestioa) herritarrek libreki izena eman dezaketenetara: ugari eta askotarikoak dira Hitzarmen horien barnean emandako ikastaroak, EI-SEVeko Sailetako aditu eta irakasleen ardurapean betiere.
Ondare inbentarioak
Udalerriko arte, monumentu, etnografia edo natura ondarea katalogatze zorrotzaren helburua izan ohi da, metodologia egokiari jarraiki eta Batzorde Tekniko batek ikuskatzen duela buruturikoa.
Hitzaldiak eta solasaldiak
Omenaldi, erakusketa edo kultura ekitaldi baten osagarri gisa, herri horretan hitzaldi edo solasaldiak emateko agintzen die Elkarteak aditu bati edo zenbaiti.
Udaleko heraldika
Udalerri askok ez dute heraldikaren legeen araberako armarririk, edo dutena berritu nahi dute, garai berrietara egokitzearren. EI-SEVek aholku ematen dio gai honen inguruan eskaera egiten duen Udalari.
Dramatizazioak eta ikus-entzunezkoak
Era berean, Zinematografia eta herri ikuskariak Sailaren bidez, ikus-entzunezkoak egin dira udalerrien iraganeko gertakari historikoei buruz.
Erakusketak
Urtemuga jakinak direla eta, edo pertsonaia ospetsuen bizitza eta obra zabaltzearren, hainbat erakusketa antolatu ohi ditu EI-SEVek, baliabide teknikoak jarriz eta gertakariaren zorroztasun zientifikoa eta kalitatea bermatuz.